Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Tuesday, May 31, 2011

Aurkezpen baten lehen notak


Euskaltegian nintzela, irakasle batek esan zigun euskaldunok konplexu asko genituela. “Eta euskaldunberriak are gehiago”, pentsatu nuen nire golkorako. Izan ere, euskara ikasteko eta erabiltzeko genituen oztopo asko psikologikoak ziren: konfiantza falta, motibazio nahasia, hanka sartzeko beldurra, etab.

Beraz, lasaitu ederra eman zidan Angelek, Argia aldizkariko bere zutabe batean euskaldunberrien estatutu politiko berria aldarrikatu zuenean. Estatutu horren arabera, “bi ergatibo orduko huts egiteko eskubidea eta ama hizkuntzako iruditeria gurekin ekartzeko eskumena” aitortuko zitzaizkigun, baita “hitz eginez baino idatziz trebeagoa izateagatik diskriminatua ez izatekoa” ere. (2007-3-18a)

Eskubide horiekin indarberriturik, ekin nion euskaraz idazteari liburutxo hau. Oztopo horien eta ergelkeria honen kontra aritu naiz: ama hizkuntza euskara ez dugunok euskarazko poesia idatzi ezin dugula dioena, alegia.

Horregatik uste dut liburu honek, balio literarioa baino haratago, baduela zerbait interesgarria, euskara ikasten ari garenontzat adore edo inspirazio emateko baliagarria izan litekeelakoan. Nik ez dut euskara menperatzen (noizbait EGA eskuratu nuen arren) baina halere gozatu egiten dut hizkuntzaz, nire burua adierazi, eta parte hartzen dut euskal hizkuntza-komunitatean atsegin handiz.

Txikiak badira ere, hauek dira ene gailurrak: “Satorraren mendiak”, lehenengo atalaren izenburua, hain zuzen ere. Non ikusten den beti posiblea dela idazle zein hiritar eleaniztunak izatea, “harritxoak ahoan” sentitzen ditugun arren.

Aukera hori, gaitasun hori, gazi-gozoa da, “zirimiria eta sargoria” ditu barnean, gure eguraldiak bezalaxe. Hitzaurrean Angel Errok alderatzen du euskal literatura “lur gaitz eta haitzez josia” den batekin, baina hori ez dator bat nire bizipenarekin. Alboan utzita Jon Juaristi eta bere “ingrato eusquera”, nire ibilbidea eta eskarmentua guztiz kontrakoa da: euskarak eta euskal literaturak gauza onak eta ederrak baino ez dizkidate eman. Batez ere, hizkuntza plazera delako niretzat, eta plazer hura, ez betebeharra, izan da euskara ikastera eraman nauena, eta tradizio bateri nire burua txertatzera.

Poeta orok tradizioarekiko elkarrizketan dihardugu. Esplizituki jokatu dut liburu honetan, eta beste poeta askorekiko zorra kitatu. Billy Collins, Angel Erro, Fernando Pessoa, Bernardo Atxaga, Anna Akhmatova, edo Joseba Sarrionandia, gure jainko literario nagusia (edonon baitago, inork ikusten ez badu ere).

Nik ere konplitu dut Sarriren aipu bat liburuaren atarian jartzeko ohiturarekin, orrialdekide ezohikoarekin adiskidetu dudan arren: Miguel d’Ors poeta katoliko-espainiarra, hain zuzen ere. Baina Sarriren presentzia nabarmena da batez ere azken atalean, “Euskal poetak euskaltegira” deritzona.

Zalantzarik gabe, kartzelak leku handia du euskal literaturan, Sarrionandiatik oraingo Zu zara orain txoriaraino. Euskaltegiak, ordea, oso txikia. Hainbeste euskaldunberri munduan izanda, harrigarria egiten zait euskaltegiaren inguruan hain gutxi literatura ikustea. Bai, badauzkagu Oskorriren “euskaldun berri baten balada” eta Isabelek “kutxitako” bidea, baina gai edo genero horiei nahi nien egin beste ekarpen bat, ezkerreko eskuz idatzitako poema hauekin.

Ezkerreko eskuz eta esker onez. Eskerrik asko guztioi.

No comments:

Post a Comment