Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Monday, June 6, 2011

Atzoko irakurtaldia (Larrabetzuko gaztetxean)

SUETENA

Badaude beti han egon diren gauzak,
katedral gotiko baten
espazio jaurtiketa bezalakoak.

Badaude jin eta joan egiten direnak,
txirristarik gabe airean txirrista
egiten duten enarak bezalakoak.

Badaude ere betirako ziruditen gauzak,
bat-batean desagertzen direnak
arrastorik utzi gabe

ez bada gure harridura
gure buruari galdetzen diogula
nola bizi izan gintezkeen
modu horretan.


LO KULUXKA

Sofan etzanda
erdi lotan nagoela
hiru urteko alaba

nire aurpegiaren gainean
jarri da, aplastadizas

(hori baita
jolas honi ipini
genion izena)

larruz estalitako
nire kaskezur zaharra

barrez barrezka
bere haragi goxoaren
baitan bildu du

eta bere bihotz erreka
xuxurlatzailea entzunez

nire alabaren
jaio gabeko haurra
bilakatu naiz

eta hasi naiz bere ama
hizkuntzaz mintzo egiten.



BILLY COLLINSEN LIBURU BATEAN

Euskara hizkuntz umezurtza dela diote.
Hizkuntzalariek ez dakite
zein hizkuntzek sortu zuten.

Umezurztegiko leiho luzetik
Ingelesari so egoten zaio hilerrirako bidean doala
bere gurasoen hilobiak bisitatzera,
Latinaren eta Anglosaxoiaren hilobiak.

Euskararen adiskide handikoteek,
Gaztelerak eta Frantsesak, ia ez diote lekurik uzten
korridorean dagoen metalezko armairu grisean.

Euskarak hasperen egin du, baita irribarre ere,
tiraderan gordeta zerbait duelako:
                                                       Ingelesari ostutako
(itzultzeko asmotan, musu-truk) poema hau, alegia.



ASZETISMOA

un asceta inconsciente
(J. A. González Iglesias)

Hiru urte behar izan nituen
baina erretzeari utzi nion,
eguzkiari bira
tabakoaren bila.

Zortzi urte behar izan nituen
ardo beltza edateari uzteko
(orain garagardo bat
edango nuke, noski)

Hogei urtez saiatu eta gero
larrua jotzeari utzi nion.
Ohitura bitxiak
gizasemearenak.

Ez dira kentzen, ordezkatzen baizik.
Amodioak esan ohi du baietz,
iltze batek bestea
ateratzen duela.

Arnasa egiteari uzteko
zenbat urte pasa behar? Ez dakit ba.
Oraindik ez dut lortu
horren ordezkoren bat.



ZEN MEDITAZIOA

Ez naiz inoiz egon Cluny aldean
baina Françoisek esan didanez,
munduko katedralik handiena
eraiki zuten han hamabigarren
mendean, eta Iraultzaren ostean
harriz harri birziklatu zuten:

handik hogei urtera, ordea,
ez zen arrastorik gelditzen.

Horregatik otoitz egin behar diet
Andra Mari Anbotokoari,
On Bosco magoen patroiari,
deklinabidearen Budari,
nor-nori-nork trinitateari eta
aditz laguntzailearen jainko txikiei,

ergatiboa gal ez dezadan.

Horregatik behar dut mantra bakar hau:
ez etsi.
            Atentatuak direla,
mingaina egurrezkoa dudala,
bizitza ohartu gabe doala,
harritxoak ahoan ditudala
ez dut ahaztu behar euskararen
kontu hau zen bat dela, alegia:

esaten dudanari arreta
jartzeko meditazio ariketa,
esfortzurik gabeko soiltasuna.


BIDE ARGITSUA

Hodeiak begiratzen nago
esne irakiaren antzera
gainezka nola egiten duten

mendiaren gainean
alde batean itsasoa
bestean aireportua

eta playbackez diharduen
aurpegi margotutako azafatari
jaramonik ez diogu egiten

baina orduan zera aditu diot
sendero luminoso por el pasillo
salida de emergencia

eta hasi naiz ikusten
Perun ez dauden
Bide Argitsuak

gauez
ikusezinak diren
luma zurizko loreak

egunez
ikusezinak diren
izar daltonikoak

eta beti ikusten diren
pista marrazten duten seinaleak
hegazkinak altxatzen gaituela

itsatsita daukagun lurretik
eta lurraren beldurretik.




No comments:

Post a Comment