Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Saturday, February 4, 2012

Oihenart II.a

Lehendabiziko edizioaren arrakasta dela eta, aforismo lehiaketa abian berriz jarri dugu. Oinarriak betiko tokian, eta hemen libururako Fito Rodriguez lankideak idatzi zuen aurkezpena:

OIHENARTEN ATSOTITZEN ARTEA ETA AFORISMO GARAIKIDEAK

“Oihenart Aforismo Lehiaketa”rekin batera, hala Oihenart izan zena nola aforismoen literatura ere aldarrikatu nahi ditugu. Euskal intelektual laikoa izan zen Arnaud Oihenart zuberotarra. Sinatzeko bere abizena hautatu zuena eta ez, ohikoa zenez, bere sorterriko etxekoa [1]. Bere seme apeza desjaurantsi zuena [2]. Bistan da bere L'art poetique, frantsesez izkiriatu zuela (XVII. mendean, nonbait) baina literaturari buruzko bere iritziak 1967an Aita Lafittek haren orduko idazkia kausitu eta Gure Herria aldizkarian kaleratu arte ez zen ezagun bihurtu eta, bai, ordea, bere garaian argitaratutako Euskal atsotitzak eta neurtitzak; Les Proverbes Basques eta, batik bat, orduko Notitia utriusque Vasconiae. Beraz, frantsesez idazteaz gain, euskaraz eta latinez idatzi zuen [3]. Euskaraz idatzi ahal izateko, gainera, benetako sorkuntza lana egin behar izan zuen ahozko zuberera eta baxenafarrera nahastuz. Bere poesiari buruzko hausnarketetan, olerkietan, hala erriman nola neurkeran, eredu tradizionaletan baina era landuagoetan eman behar zirela nabarmendu zuen. Bada, herri poesiari gaina hartu behar zitzaiola eta, ezinbestean, inguruko beste hizkuntzen moldeetatik ikasi beharra zegoela. Aipatu ikasketarako grina, beraz, nabarmendu beharreko bere beste ezaugarria bat izango litzateke. Ikasketa arautuak eta autodidaxia ongi osatuz, orduko gai desberdinak modu orijinalaz jorratzeko ausardia, trebezia eta prestakuntza erakutsi zituen. Artxibategietara jo zuen euskal egitura politikoen historiaren peskizan (izan ere, Gaztelaren menpeko Nafarroako agintariek bertako artxiboetan aritu ahal izatea errefusatu egin zioten Oihenartek datuok Nafarroaren konkista salatzeko erabiliko zituelakoan…) baina informazioaren bila aritu zen, Pauen, Okzitaniako Tolosan, Baionan bai eta Pariseko agiri-gordailuetan ikertzen ere. Baina idazkiei eta poesia jasoari garrantzia emateaz gain, herri artxibategi ahokariak nahiz tradiziozko zirtolaritza ere bildu eta aztertu nahi izan zituen.

Berari zor zaio, bada, gure poesiari buruzko estreinako gogoeta kritikoa non ardura estilistikoak lehen aldiz modu moderno batez lantzen diren.

Azkenik eta gero, Oihenarten gaztaroa neurthitzetan izeneko idazkian poesia autobiografikoak aurkitzen dira, zeinetan hitz nahiz aditz berriak, berak propio sortuak badauden.

Labur bilduz, Oihenarten ekarpenari gorazarre egin nahi izan diogu Euskal Herriko Unibertsitateko Filosofia eta Hezkuntzaren Zientzietako Fakultatetik bere sorkuntzarako gaitasuna gogoratuz berak, idazle gisa, bereziki maite zuen generoa bide dela, hau da, aforismoak direla medio. Hark XVII. mendean bildutako errefrauak, zuhur-hitzak edota atsotitzak, egun genero literario honen aurrekariak izan ziren, gure Fakultateak, Donostiako Euskararen Patronatuarekin batera eta antolatutako lehiaketa honen bidez, argitaratzen dituen aforismoak, haien oinordekoak besterik ez baitira.

[1] Cierbide, R (1992) “Biografía de Arnaud Oihenart” in Notitia Utriusque Vasconiae. Eusko Legebiltzarra. 18.or.

[2] Ibidem. 22.or.

[3] Goihenetxe, M (1993), “A. Oihenart eta bere ingurugiroa”, Jakin, 74. zbk.

Fito Rodriguez 
“Aurkezpena” in Askoren Artean,  Iragana gero eta handiagoa da [Oihenart aforismoen I. lehiaketa] (Utriusque Vasconiae, 2011)

No comments:

Post a Comment