Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Sunday, June 3, 2012

Literaturia 2012


Gaur Larrabetzun egon gara, herri txiki horren abegi onean. Literaturia azken eguna dela eta, plazatik kulturetxerako hamabost metro eskasetan lagun pila ikusi ditut: Gotzon Barandiaran, Patxi Gaztelumendi, Iñigo Astiz, Iban Zaldua, Edorta Jiménez, Jose Inazio Lasa, Xabier Mendiguren, Arrate Egaña, Markos Zapiain, Iñigo Roque, Gerardo Markuleta,... Karparen azpian haien tribuek (Susatarrak eta Maiatztarrak, kasu) azoka sortu dute, urtero legez. Izan ere, horrelakoak dira herri batean literaturarekiko zaletasuna eta grina benetan sortzen dituenak; ez kongresu paparroi horiek, legislaturen amaieran egiten direnak, zorrak kitatzeko edo. Enpin.

Literaturiak daukan gauzarik ederrena, niretzat behintzat, da “Literaturiatxua”, familia giroan jaialdiaz goza dezagun pentsatutako programa paraleloa. Gaur AEK-ko ikasle larrabetzuarrek Gruffaloren ipuina antzeztu digute, eta gero bazkaltzera joan gara. Aurkezpenetara ez naiz aurten hurbildu, haurrak ez gogaitzeko. Ez dut nahi eta geroan literaturari gorroto diezaioten. Gainera, ostegunean aurkezpen andana izan genituen Donostiako Liburutegiko sotoan. Han entzun nion Paulo Iztuetari aforismoa “pentsamendu pilula bat” zela, Fito Rodriguez-en azken liburua aurkeztu genuelarik.

Argazkia: Imanol Ubeda (Hitzen Uberan)

Fitori esker, EHUn daukagu euskal herriko aforismo lehiaketa bakarra. Oihenart lehiaketa, hain zuzen ere, eta euskara hutsean. Antolatzailea denez, Fitok ezin du bere lana lehiaketa honetan aurkeztu. Baina horrek ez dio galarazi aforismogintza bere kasa aurrera eramatea. Emaitza liburu honetan dugu. Izan ere, garai onak dira aforismoentzat, eta garai egokiak biktimei buruz aritzeko.

Azken urteotan hazkundea nabarmena izan dute aforismo lanek. Duela gutxi, Babelia gehigarriak hiru orrialde eskaini zizkion generoari. Baina kontuz aforismo betekadarekin, larri irakurtzeak indigestioa sortzen du eta. Aforismo liburu oro gutxika irakurtzekoak dira, brebiario moduan. Brebiario bada publikoki otoitza egiteko liburua, otoitz-orduen liburu ateo bat da hau.

Liburuaren generoa berez indartsua da, batez ere kritika egiteko lanetan. Azken finean, Nietzschek bere aforismoak "geziak" zirela esaten zuen... motza bezain zorrotza, aforismo on batek munduan eta historian zehar bide luzea egin dezake. Horretarako, gezien legez, azkarrak izan behar dute aforismoek, gure bizimoduari egokitzeko. Mamian jo behar dute ñabarduretan galdu gabe.

Krisi garaian, hitzen ekonomia gailentzen da. Eta memoria eta elkarbizitza auzian dauden garaia da gurea ere bai. Kasualitate hutsez (Utriusquekoek baieztatu zidaten) antzekotasun ikaragarria dago liburu honen azala eta Literaturiaren afixa alderatuz gero. Inork ez du biktima izan nahi, baina historiak biktima zerrenda amaigabea ematen du. Eta gu gara zerrenda edo kate horren ondorioa.

Halako gizartea, nolako biktimak. Halako biktimak, nolako gizartea. Agian horregatik Fitok forma berezi bat aukeratu du biktimen inguruan bere gogoeta argitaratzeko. Bi ezaugarri aipatu nahi nituzke. Aforismoak dira, bai, baina aforismo kateatuak. Gogora ekarri dit “giza katea”, “human chain” Seamus Heaney nobel saridunaren azken poema liburuaren izenburua.

Kateetan edo zerrendetan antolatu ditu aforismoak, eta zerrenda bakoitzaren izenburuak izen berezi bati erreferentzia egiten dio. Izenak eta horien pertsonaiak asmatuak dira baina gure egoeran eta inguruan errotuak. Kriptikotasun horrek irakurlearekiko jolasa sortzen du, asmakizuna edo roman-à-clef txiki bat bailitzan. Pertsonaiek osatzen dute mitologia pertsonal bat, egilearen ibilbidearen isla edo potreta korala. Garratza.

Fitok heldu dion gaia ez da erraza inondik ere. Gure alde ilunei so egiten baitie: oinazea, biktimen erabilpena, banalizazioa, gizarte garaikidea, heriotza, boterea, indarkeria, politika,… Saiakera nahiko budista iruditzen zait: oinazea eta heriotza ezagutzeak jauregiko bizimodu erosoa utzi eta bizitzaren egiaren bila abiarazten gaituelakoan. Egia ez da atsegina. Bizitza mingarria da. Baina badago itxaropenik, edo hala uste nahi dut, liburu honetan. Egileak bere esperantza jarri du deseraikitze prozesu batean. Gizartearen zein biktimaren izaera deseraikitzeko saiakera da hau.

No comments:

Post a Comment