Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Sunday, September 16, 2012

Euskaraz ikusi nahi nukeen liburu sorta

Gaur aurkeztu digute Durangoko uzta berria, eta Berriak dioenaren arabera egile ezagunen lan faltarik ez da izango udazken honetan: Kirmen Uriberen bigarren nobela, Iban Zalduaren ipuin liburua, Rikardo Arregiren poema berriak, 14 urteren buruan! Azken honek jakin-mina biziki piztu dit, eta irakurtzeko irrikan nago.

Hala ere, zerbaiten falta sumatu dut. Gogoko ditut poesia liburuak, baina baita poesiari buruzkoak ere. Batez ere, poetak berak (ez poesian adituak edo filologoak) ofizioaren inguruan dituen eskarmentua eta ikasketak zabaltzen dituenean. Poesian hasi berriak animatzeko eta laguntzeko modukoak, tailer batean erabiltzekoak.

Tamalez euskal poesian bat ere ez dut ezagutzen. Prosan bai, eta oso ona: Mikel Hernandez Abaituaren Narrazio tailerra (Erein, 2011). Jende gaztea gogoan idatzitakoa, nobelak eta ipuinak idazten trebatzeko erabilgarria. Eta bertsolaritzan ere zer edo zer badago: Xabier Amurizaren Zu ere bertsolari (Elkar, 1982), kasu.

Horrelako zerbait poesiaren arloan ikusi nahiko nuke, nire liburutegian ditudan guztiak erdarazkoak baitira. Hauexek, leitu nituen ordenean:
  1. Ted Kooser: The Poetry Home Repair Manual (University of Nebraska Press, 2005). Nire lehenengo aurkikuntza, eta idazteko gida paregabea. Poet Laureate izandakoa, Kooser dugu benetako maisu bat. Umila bezain zorrotza. Besteak beste, Tranströmer deskubritu zidan. Oso ona da metaforak eta konparaketak adierazten.
  2. Benjamín Prado: Siete maneras de decir manzana (Visor, 2000). Uste dut hau dela gaztelaniaz irakurri nuen lehengoa. Ehun orrialde eskas horiek arratsalde batean irentsi nituen. Entsegua da, ez urraska segitzeko gida. Poeta moduan erakartzen ez nauen arren, poesiarekiko lilura eta grina transmititzen bikaina da Prado.
  3. Kim Addonizio & Dorianne Laux: The Poet’s Companion (Norton, 1997). Klasiko bat. Teknikaz gain, gaiaz eta ofizioz ere aritzen da, eta ariketak ditu. Cambridgen (Mass.) erosi nuen, poesia besterik saltzen ez zuen liburu-denda batean, Grolier izenekoa.
  4. Joan Margarit: Nuevas cartas a un joven poeta (Barril & Barral, 2009). Rilkeri miresmena adierazteko modurik onena. Oso idiosinkratikoa eta pertsonala (epelak ditu, kasu, surrealismoaren kontra). Margariten poesia gustuko baduzu, gozatua hartuko duzu liburu honekin. Gainera, poeta elebiduna izanik gogoeta interesgarriak ditu bi hizkuntzen erabilpenari buruzkoak. Nire alea sinatuta daukat eta guzti.
  5. Wendy Nyemaster: Unleashing the poem within (Sourcebooks, 2008). “Women only” izan arren, liburu dibertigarria da. Poesiak-zure-bizitza-aldatuko du estilokoa, oso amerikanoa. Darabiltzan formak oso gustukoak ditut: sextina, ghazal, villanelle,...
  6. Eduardo García: Escribir un poema (El olivo azul, 2011). Egilea bigarren hezkuntzako irakaslea izanik, liburua didaktikoa da oso. Goxoa eta adimentsua, poeta hasi berri batentzako oparirik egokiena. Aipatzen duen tradizioa espainarra da, itzulpenak apenas ez ditu erabiltzen. Hasier Larretxeak oparitu zidan. Mila esker!

No comments:

Post a Comment