Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Tuesday, October 2, 2012

Natura eta giza natura: Wisława Szymborska-ri omenaldia

Aurten joan zaigu Bixuaba Ximborska (polonieraz ahoskatzen gure fakultatean Erasmus dagoen ikasle batek irakatsi dit). Dakizuenez, mila bederatziehun eta laurogeita hamaseigarren urtean Literaturako Nobel Saria jaso zuen Szymborskak. (Eta baldin ez bazenekiten, Wikipediara jo, hantxe daude datu guztiak.)

Hona ekarriko ditut bere poema pasarte batzuk, kongresuaren gaia nolabait ukitzen dutelakoan. Nire tesia, erdipurdikoa bada ere, zera da: Szymborskak gizakia eta natura bereizten ditu, bata bestearengandik aparte ikusten ditu, baina hala ere natura-zientzien hizkuntza darabil gizatasuna zer den islatzeko.

Baina has gaitezen ariketa batekin, asmakizun batekin. Bere lehenengo liburua (1949an idatzia dago) zentsura dela eta ez zen argitara heldu. Poema hau atera dut argitaratu zuen bere lehenengo liburutik (1952):
Kaltetuak borrokara eraman zituelako,
garaipena betiereko egin zuelako,
datozen garaietarako
oinarri zurrunak altxa zituelako:
gizarte berriaren Adan hau
dagoen hilobia
ezagutzeke dauden planetetatik
etorriko diren loreekin apainduko dute.
(“Lenin” [1952], eusk.: Hedoi Etxarte)

Ba al daki inork poemaren izenburua? Nobel saridunek ere poema kaxkarrak idazten dituzte. Egileak berak hitz horiek jan behar izan zituen. Gizarte berriaz eta gizaki berriaz aritzeari utzi, eta beheko kontuaz arduratzeari ekin zion hurrengo poemetan.

Bere bigarren liburuak Yetiri deika du izena eta, diotenez, Yeti hura Stalin omen zen Szymborskaren irudimenean. Stalin-i deika honela agertu zen, gizatasunari itxaropen txiki bat eginez. Gauza arruntak goraipatzen ditu: asteazkenak, ogia eta alfabetoak. Yetiak kontrakoa entzun duen arren, ez da krimen bat hemen egiten dugun oro:
Yeti, behean eguaztena dugu,
abedera eta ogia,
bi gehi bi lau dira
eta elurra urtu egiten da.
...
Yeti, gure artean
krimena ez da gauza bakarra.
Yeti, hitz guztiek
ez dakarte heriotza.
Esperantza hartu dugu oinorde,
ahazturaren opari.
(Yetiri deika [1957], eusk.: Koldo Izagirre)

Szymborska poeta bat da, ez filosofoa. Hizkuntza maite du, berarekin jolas egiten du. Eta hala ere filosofiaz ari da eten gabe. Unibertso handi honetan, denbora paradoxa bat da. Greziako aforismo edo esaera zahar bat gogora ekartzen du poema motz honetan:
KÓSMOS MAKRÓS
KRÓNOS PARÁDOXOS
Greziako hizkuntza harrizkoak soilik ditu honentzako hitzak.
(eusk.: ACdR)

Eta historiaz:
ARBASOEN BIZITZA LABURRA

Gutxi heltzen ziren hogeita hamar urte betetzera.
Zahartzaroa zuhaitzen eta harrien pribilegioa zen.
Haurtzaroak otsoa otsoko den aldi laburra irauten zuen.
Presaka ibiltzea ezinbestekoa zen bizirik izateko
ilunabarrean,
lehen elurren garaian.
...
Ongia eta gaizkia.
Gutxi zekiten bi horiez eta dena zekiten:
gaizkia gailentzean, ostentzen da ongia;
ongia agertzean, zelatan da gaizkia.
Bata zein bestea garaitezinak dira,
itzultzerik baden lurraldeaz haraindi ezin erbesteratu.
Horregatik, ez da pozik izu itzalik ezean,
ez-eta etsipenik itxaropen izpirik ezean.
Bizitza, luze izanagatik, beti da labur.
Ezer gehitzeko laburregi.
(eusk.: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn)

Giza historia nola, gure izaera hala. Eta nolakoa da giza historia? Szymborskarena den estilo goxo bezain lehor, umoretsu eta ia-apokaliptikoa honetan azaldua:
Hipotetikoa. Zalantzazkoa.
Omenaldirik gabekoa.
...
Ez oso erabilgarria istoriotik
taxuzko irakaspen bat ateratzeko.
...
Gutxi gorabeherako Atlantida honetan.
(eusk.: ACdR)

Historia bezala, oroimen pertsonala ere kontingentea da, ez-iraunkorra:
Dena nirea da baina maileguan soilik,
deus ez oroimenean gordetzeko,
nahiz eta nirea den begiratu ahala.
(eusk.: ACdR)

Eta zer esan Heraklitoren inguruan egindako poema honi buruz, Juan Garziak neurtitzez maisuki euskaratua:
Ezer birritan ez da gertatzen
ezta gertatuko ere;
eskarmenturik gabe jaioak,
hil errutinarik gabe.

Mundu eskola honetan inor
ikasle txar izan arren
ez da urterik errepikatzen,
negu, udak, oro barren.

Ezein ez dugu egun berbera,
ez dira bi gau antzeko,
so berdinik ez begi bakoitzak,
musu oro bestelako.
...
Baldar besarka, irritsu goaz
zuhurbidearen bila,
desberdin garen arren tanto bi
ur garbizkoak bezala.
(eusk.: Juan Garzia)

Bi tanta ur, berdinak ala desberdinak? Bi pertsonen artean, zer dugu berdin, zer ez?

Patxi Lopez lehendakariak irakurri zuen poema hori, kargua hartzeko egunean. Ez dakit oso aproposa izan zenik. Azken finean, egia bada Szymborskak dioena, ezer birritan ez dela gertatzen, ezta gertatuko ere… orduan ez dut uste kargua berriz hartzen Patxi ikusiko dugunik.

Umorea aipatu dut. Berea propio dena dastatzeko pare bat poema osorik irakurri beharko genituzke. Adibidez, “Ahotsak” izeneko poema mundiala, non herri txikien laudorio ironikoa egiten duen, inolako autokonplatzenziarik gabe, nartzisismorik gabe. Ikus ezazue beste hau:
NORK BERE BURUA GUTXIESTEAREN LAUDORIOA

Zapelatzak ez dio bere buruari ezer leporatzen.
Ez du kezkarik erakusten pantera beltzak.
Pirainek ez dute inoiz euren jokaera zalantzan jartzen.
Eta kriskitin-sugeak bere burua onesten du etengabe.

Ez da mundu zabalean txakal autokritikorik.
Otia, kaimana, trikina eta ezpara
euren larruan gozo bizi dira.

Ehun kilo pisatzen du orkaren bihotzak,
baina, funtsean,
arina da luma bezain.

Eguzkiaren hirugarren planetan,
kontzientzia garbi lasaia
aberekeriaren zantzu argiena dugu.
(eusk.: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn)

Kontzientzia txarra izateak gizaki bihurtzen gaitu. Hemen daukagu giza natura beste animaliengatik aparte jarrita. Eta naturatik aparte:
HARRIAREKIN SOLASEAN

Harriaren atean jo dut.
—Neu naiz, utzi sartzen.
Zure barrura sartu nahi dut,
begiratu bat eman;
arnastu nahi zaitut.

—Alde! —dio harriak—.
Hermetikoa naiz, itxia erabat.
Zati-zati eginda ere
zatiok itxiak ginateke,
hauster eginda ere
hausterra itxia.

Harri baten atean jo dut.
—Neu naiz, utzi sartzen.
Jakinmin hutsez nator.
Eta soilik bizitzak ase dezake.
Zure jauregian paseatu nahi dut,
eta gero hosto bati bisita egin, eta ur-tanta bati.
Ez dut asti gehiegirik.
Ez al zaitu nire hilkortasunak hunkitzen?
...
—Ez zara sartuko —dio harriak—.
Partaidetza-sena falta zaizu.
Eta ez da ordezko senik.
Dena ikusteko ahalmena bera ere
alferrikakoa duzu parte hartzeko gauza ez bazara.
Ez zara sartuko; sen hori zugan xede hutsa da,
ahalegin hutsa, fantasia hutsa.
...
Harriaren atean jo dut.
—Neu naiz, utzi sartzen.
—Ez dut aterik —dio harriak.
(eusk.: Kirmen Uribe / Rikardo Arregi / Magdalena Wegzryn)

Harririk edo naturarik ez ezazue erantzunik espero. Szymborskak galdera berriak baino ez ditu. Edo galderarik ez, galdera bat egiterakoan dugun jakin mina baizik:
arrazoi serio edo ez hain serio batengatik
galdera batzuk mahaigaineratzen dira
eta erantzun gisa:
dena dela, bi puntu:
(Bi puntu [2005], eusk.: ACdR)

Szymborska aurten hil zen, 88 urte zituela. 70 urteko bere ibilbide luzean, 350 bat poema argitaratu zituen. Zergatik horren gutxi? “Etxean zaborrontzi bat daukat”, esan omen zuen. Hiltzerakoan, bilduma berri bat lantzen ari zen. Bilduma horrek izena du “Nahikoa”.

Bere azken poemetan ez du Lenin goraipatzen (Hitler-i buruzko poema bat ere idatzi zuen, gutako edozein Hitler bat izan litekeela frogatuz), pertsona arrunt bat baizik.
Denbora batez
behatu dudan norbait.

Ez du deiadarrik egiten
abesbatzen moduan.
Ez du urbi et orbe adierazpenik egiten.
Ez da bozeramalea.
Bere aurrean
galderarik ez:
noren alde, noren aurka,
eskerrik asko, ezin dut ikusi.

Bereiztezina.
Gatzgabea.
Udal Garbiketa Zerbitzuaren langile.
Egunsenti zurbilean
gertatzen ari zen lekutik,
berak biltzen du, kendu eta zabortegira eraman,
hilzoriko zuhaitzei itsatsita dagoena,
belarrari lotuta dagoena.

Pankarta hautsiak,
botila puskatuak,
afixa erreak,
karraskaturiko hezurrak,
arrosarioak, txilibitu eta kondoiak.

Behin batez sasi artean uso kaiola bat topatu zuen.
Etxera eraman zuen

eta han gordetzen du
hutsik iraun dezan.
(“Nahikoa” hilondoko bildumatik [2012], eusk.: ACdR)

Giza naturaren eta askatasunaren azken sinbolo eder hau: kaiola huts bat.

No comments:

Post a Comment