Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Tuesday, December 25, 2012

Working Class Hero (Bitan esan beharra, 2)

Aipatu ditut argia, ataraxia eta aniztasuna, baina Rikardo Arregi Diaz de Heredia-ren liburu berrian badago oso gustuko dudan beste osagai bat. Poemak elkarrekin josten dituen haria, alegia.

Nahiz eta aurkezpenean egileak poemaz poema, banan-banan, liburua idatzi zuela aitortu, poemek badute elkarrekiko harremana. Poema-liburua da, ez bilduma soilik, eta batasuna ematen dion hori batzuetan oso nabarmena da (gaiaren araberako multzoak, kasu: bizitza-artea/amodioa/heriotza). Beste batzuetan, ordea, gakoa dugu errepikatzen diren elementuetan: adibidez, “poeta” hitza iraintzat hartua, edota “ahanzturaren lainoa” eta “leku atsegina” sintagmak, poema bat baino gehiagotan agertzen baitira.

Dena dela, gehien erakarri nauena izan da pop musikaren erabilera. Mesfidati begiratzen diot horri baliabide erretoriko gisa, chic bezain erreza ematen duelako kantu bati erreferentzia jartzeak, baina gehienetan erreferentzia egilearen buruan geratzen da, beste inork entzuten ez duen soinu banda delakoan. Kantuak zerbait egin behar du poeman, ezin da apaingarri hutsa izan. Kontuz, bada, popsiarekin!

Hori ez da gauza berria, jakina. Lorca-k bere garaiko pop musika ederki profitatu zuen bere poemetan. Eta Rikardo Arregik ere bai, ondo dakielako besteen bertsoak bereganatzen, “Luis Cernudaren hilobia” poema luze bezain hunkigarrian egiten duen moduan. Baina liburu hau hasten da The Smiths-en “Cemetry Gates” kantuarekin (egileak liburuarentzako hautatu zuen izenburua, izan ere), eta laurogeitako hamarkadaren musika ingelesa biziki presente dago liburuan. Haien “There's a light that never goes out” entzuten da auto bidaia loriatsu bat deskribatzen duen poema batean; bestean, Depeche Mode kontzertu batera joateko gogo geldiezina.

Tankera horretako poemen artean indartsuena, perfektuena honako amodio poema hau iruditzen zait, John Lennon-en “Working Class Hero” kantua aipagai. Erritmoa eta dotorezia, umorea eta seriotasuna; deus ez faltan, deus ez soberan. Gainera, bideoklip bihurtzeko arriskuaz kontziente, antologikoa deritzot amaierari.


XLIV

Working Class Hero kantatu didazu
goizean kafe kikara eskuan
gure egun luzea prestatzeko
ironiko eta irribarretsu.
Egunak ez du oraindik argitu
baina jantzita gaude
lanera joateko prest.
And you think you're so clever, classless and free
kantatu diozu ispiluari
txanoak ipini ditugunean,
but you're still fucking peasants as far as I can see
oihukatu diezu
gure irudiei.
Working class hero is something to be.
Hasieran dauden hiru hitz horiek
beldurgarriak dira,
heroia, batez ere.
Handiustekoa guretzat, ezta?
Handiegi eta ezerosoa.
If you want to be a hero well follow me
igogailutik kantatu didazu.
Metroan kontrako norabideak
ditugu betiko lez,
baina gaur be a heroirakurri dut zure ezpainetan,
ahotsik gabe, aurreko nasatik. 


Rikargo Arregi Diaz de Heredia
Bitan esan beharra (Alberdania, 2012)

No comments:

Post a Comment