Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Sunday, January 26, 2014

Paisaiaren poetikak #1: Lekuak

Lizardiren baratzean atzokoa, Jose Luis Padron eta Iñigo Astiz-en laguntzaz:


Joan den udan telesail berezi bat ikusi nuen BBC katean: A Poet’s Guide to Britain, “Poeta baten Bretainia Handiko gida”. Owen Sheers poeta galestarra da telesaileko aurkezle, eta hark hasieran esaten du: “Badaude hitz egiten duten tokiak, / gure eta beren istorioak kontatzen dituztenak.” Istorio horiek kontatzeko, atal bakoitzean paisaia bat aurkezten digu poema bat baliatuta, edo poema bat aurkezten digu paisaiaren bidez. Edonola ere, saio horiek ikusi ondoren, honako galdera hau etorri zitzaidan burura: zergatik ez dugu horrelakorik Euskal Herrian? Alegia, poeta baten Euskal Herriko gida bat. Azken finean, paisaiak badu bere garrantzia euskal poesia garaikidean; ez da adibiderik falta. Esaterako, Sarrionandiaren poema batean aipatzen den moduan, hemen batek baino gehiagok nahi izan du “Lekua besterik ez izan, hurrin deritzan aberrian.”

Baina nondik abiatu? Hasteko, lekua edo paisaia gaitzat hartzen duen euskal poema bat aukeratzekotan, duela gutxi argitaratu den liburu bat hartuko nuke. Uste baitut literatura ez dela modu historikoan irakatsi behar, hau da, atzetik aurrera, baizik eta alderantziz, hau da, garaikidea den horretatik antzinakoraino. Iñigo Astiz-en lehenengo liburua, Baita hondakinak ere izenekoa, 2012. urtekoa da; esate baterako, bere aurreneko poema aproposa iruditzen zait oso.

“Esperimentu geofagoa lorategian”, edo laborategian, deritzon poema horrek Seamus Heaney poetaren azken liburuko bertsolerro baten asmoa burutzen du: “Ni lekuan eta lekua nigan” [Me in place and the place in me], adieraztea. Nola? Esperimentu bat proposatzen digu Astiz-ek: “Lur pixka bat hartu” eta “harrixkak baztertuta ahoratu gero”. Irakurri edo irentsi ahala, lurrarekin batera hitzak datozkigu: “Odola, lurra, mendeak”, “metatutako denborari buruz ari garelako”. Ironiak ironia, ardura moduko bat ere badator, “beste herrialde eta mapa guztien aurka. / Baina dena ez da nekagarri. Une batez / atsegina ere bada geografia izate hau: / pertsona bezain leku sentitze hau.”

Poema kate bat osatzeko asmoz, Iñigo Astiz egileari berari eskatu diot euskal paisaiaren inguruko poema garaikide bat izendatu dezala, beste poeta batek egindakoa, eta zergatik zaion garrantzitsua azaltzea. Joseba Sarrionandiaren “Martin Larralde” aukeratu du Iñigok, eta hauxe da bere argudioa: ‘Paseatu egiten zaitu poemak deskribatzen duen paisaia horretan. Sartu egiten zaitu lehen lerrotik giroan. Baina ez da soilik paisaia geografikoa erakusten duena. Martin Larralderekin Sarrionandiak euskal literaturaren historiaren paisaian ere paseatzen zaitu eta paseatzen zaitu ere bere deserriko esperientzian eta bukaeran lehertzen du dena irudi ezin ederrago horrekin. “Zerua / itsaso zikin bat dela esanez.” Edonork aipatuko luke poema hori ziur eta beraz nola ez nik ere aipatu?’

Egia, Iñigo, ezin poema hori aipatu gabe utzi, eta eskerrik asko. Beraz, dagoeneko bi dira ditugun poemak: Iñigo Astizerena, berri samarra, eta Sarrionandiaren “Martin Larralde”, Ruper Ordorikari esker totem kulturala bihurtu zaigun klasikoa. Ez da gutxiagorako, ordea. Poema bikaina baita, lehen bertsolerroko ikurriñatik hasi (“Larre berdeak, etxe zuri teila gorriak”), eta Iñigo Astizek azpimarratu duen bukaeraraino. Euskal paisaiakoak diren osagai franko biltzen ditu: polizia, eliza, kebideak, arkumeak, trikuak (nahiz eta poemaren lehenengo bertsioan arrosa izan “arantzak barrurantza itzuliak” zituena), autopistako seinaleak, kartzela, zerua eta itsasoa. Azken horrekin, itsasoarekin hain zuzen, jarraipena emango diogu gure gidari, otsaileko atal eta paisaia berrian.


Argazkiak: ACdR; "akuarelatsua": Iñaki Zaldunbide

No comments:

Post a Comment