Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Saturday, March 15, 2014

Oihenart aforismo lehiaketaz

Ortzadar kultura gehigarrian argitaratu dute gaur Ana Urkizari eta bioi egindako elkarrizketa bat. Gai ugari orrialdetik at geratu direlarik, hauxe da erantzun nuen galdetegi osoa.

1. Aforismoen Oihenart sariketa laugarren aldiz antolatuko du aurten EHUk. Harrera ona orain artean? Bai, Donostiako Udalak harrera ona izan du eta diru-sariak jartzen ditu. Handikeriarik gabe (generoa laburra eta ez-masiboa izateaz gain, euskara hutsez egiten dugu) bi liburu txiki argitaratu ditugu eta egitasmoa egonkortu dela esan genezake.

2. Zergatik Oihenarten izena? 1657. urtean Arnaut Oihenart idazleak euskal atsotitz edo refrauen lehenengo bilduma bildu zuelako. Entsegugile eta poeta ere zelarik, aforismoak jasotzeaz gain, sortu ere behar direla gogorarazten digu.

3. Kalitate oneko testuak jaso ohi dituzue? Parte-hartzaile asko? Zein da parte-hartzailearen profila? Ez dago hori guztiz jakiterik, baina esango nuke parte hartzaileen erdia unibertsitateko jendea dela, ikasle zein irakasle, eta beste erdia literaturazaleak, lana argitaratua duten idazleak barne; poetak eta bertsolariak ere lehiatu dira. Oro har, belaunaldi ezberdineko jendea dago; lehenengo mailako ikasleak baita dagoeneko erretiroa hartu dutenak ere. Kantitatea baino, kalitatea hobesten dugu, baina zifrak dira euskeraz egiten diren beste lehiaketen ingurukoak, eta gehiago ikusi nahi dugu.

4. Zergatik aforismo lehiaketa, eta ez ohikoagoak diren literatura lehiaketen tankerako zerbait? Baliabide handirik eskatzen ez du, eta gazteei begira egina dagoelako, pentsamendua euskaraz garatzeko eta literatura sustatzeko baliagarria delakoan. Sustapen lan hori, adin guztietara irekia baldin badago ere, batez ere unibertsitateko ikasle diren gazteen artean egiten da.

5. Filosofia eta Irakaskuntza fakultateek antolatutako lehiaketa da. Niri bitxia egin zait filologiako fakultateak parte hartu ez izana. Horrek esan nahi du aforismoak literaturatik baino gertuago daudela pentsamenduaren alorretik? Ideia gure fakultatetik abiatu zen, baina elkarlana egiteko prest gaude, noski; arlo akademikoen zatiketak ez du laguntzen aforimoaren kasuan, pentsamendua eta literatura bereizezinak baitira. Gure fakultatean idazle eta literaturazale ugari dabiltza (Agustin Arrieta, Mari Luz Esteban edo Fito Rodrigez, kasu) baina Letren fakultatean ere pentsamendua lantzen da; izan ere, hango irakaslea den Edu Zelaietak lehiaketan parte hartu izan du.

6. Zer da aforismoa? Edo zer behar du testu batek aforismo izateko? Gezi baten modukoa izan behar du, zorrotza bezain bizkorra. Aforismoa da modu laburrez azaldutako pentsaera bat, gogoan iltzatuta egoteko gauza dena. Testu motza baina osoa, luzera txikikoa baina oihartzun handikoa.

7. Neurri jakineko genero bat al da? Inolaz ere ez. Ez dugu araurik ezta definizioaren inguruan adostasunik ere. Inork ez daki zehazki zer den aforismo bat, baina aforismo on batekin topo eginez gero, denok dakigu zer den. Hor gai polita dago ikerkuntza egiteko.

8. Aforismoek beste molde bateko olerkiek baino oihartzun txikiagoa dutela iruditzen zait. Zergatik? Olerkiaren anaia txikia esan daiteke direla? Aforismoa ez da poesia, gertukoa izan arren. Izatekotan, entseguaren anai txikia dela esango nuke.

9. Ez dakit aforismoek haiku japoniarrekin parekidetasunik ba ote duten… Konparatu daitezke? Forma zehatza da haikua, edukia eta baliabideak oso markatuta datoz tradizio jakin batetik. Aforismoa, berriz, genero gisa azkoz libreagoa da.

10. Zer tradizio du aforismoak euskal literaturaren historian? Zein idazle aritu izan da aforismoak lantzen literaturaren historian? Bada aforismo liburu aipagarririk? Aforismo aipagarririk? Herri eta ahozko literaturan, jakina, beti egon dira esaera zaharrak. Eta gaztelaniaz egiten dutenen artean aforismoan berezituta dagoen idazle bat Donostian dugu, Ramon Eder, besterik ez du argitaratzen! Aforismotan maisuak dira Pascal eta Nietzsche, edo Cioran. Gaur egun ospe handia hartu duen beste errumaniatar baten aforismoak itzuli berri ditu gure lehiaketan irabazle batek, Hasier Agirrek. Baina esango nuke Internet izan dela aforismoari bizitza berri bat eman diona. Bixente Serranok egunero argitaratzen ditu bere aforismoak Berriako blog batean, eta Juan Kruz Igerabidek ale ederrak bota ditu sare sozialetan.

11. Gaur egun, hor dago Ana Urkizaren duela gutxiko liburua. Baina salbuespena da euskal literaturaren esparruan? Ez, noski! Esate baterako, Karlos Linazasorok urteak eman ditu aforismoak idazten, eta laster argitaratuko du liburu bat, berriekin osatutakoa.

No comments:

Post a Comment