Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Sunday, March 29, 2015

Arratsean, ahotsean, whatsappean

Duela gutxi, Euskadi Irratiko Arratsean saiora poema bat ekarri zuen Iñigo Astizek, Sarrionandiaren “Kiromantzidxe”, hain zuzen, blog honetan komentatu izan duguna. Iñigok zioen poema gutxi daudela ahozkotasunarekin lotuta euskal literatura garaikidean, kenduta “Kiromantzidxe” eta bere ondorengoak (Peruarenaren “Harrera”, kasu).

Hala dirudi, eta Iñigok proposatzen ditu hiru hipotesi fenomeno hori ulertzeko. Lehenengoa, euskaldunok ez garela hitz eginez komunikatzen, baizik eta eskutitzez, bazter dezakegu. Bigarrena, euskara baturanzko joerak eragin handia izan duela euskal literaturan, haren hedapena estandarizazioarekin batera joan delako. Hirugarrena: bertsolaritzak ahozkotasuna hartu duelako, poesiak hortik aldentzeko nahian dagoela.

Nik gehituko nuke laugarren hipotesi bat, Beltzurian aipatzen dena: oro har, hitza gailendu zaiola ahotsari. Horixe bera adierazi zuen Ixiar Rozasek, Arratsean, beste saio batean. Eta bosgarren bat, zehatzagoa, lehenengoarekin lotura duena: euskaldunok ez garela hainbeste hitz eginez komunikatzen, ezta eskutitzez ere, bai ordea Whatsappez. Beste modu batean esanda, gaur egungo ahozkotasuna teknologikoagoa dela, eta teknologiak testua hobesten du ahotsaren kaltetan. Jakina, teknologia ez da neutrala. Hori gogoan, honako poema-edo bat otu zait eta hemen paratzen dut:

ZUZENTZAILEA

Hizkuntza ezberdinak ditugu
nire androide maiteak
                                    zuk eta biok
mezuak idaztean
ni zuzentzeko zure ohitura
ezin dut gehiago jasan
tematuta zaude gero biok
zure eran hitz egin beharraz
“larria” idatzi dut
                           patria bihurtu didazu
“kalera”
            maleta
“gonbidapena”
                     con vida pena bilakatuta
Murgia eta Mungia
Murcia dira orain
eta festa cesta bat da
baina okerrena da “eta”
letra larriz idazten didazunean
ETA ETA ETA
ezabatzeko gezitxoa sakatzen badut
itzuliko da nik idatzitakora
bai
      badakit ezarpenetan aldaketa bat eginez gero
gure hizkuntza gatazka konponduta legoke
baina hain da desorekatua
borroka
              hain da sakona ohitura
zeren nahiago baitut horrela segitzea
zuk eta biok
                     norgehiagoka
pantailan nola kalean hala
ezer neutrala dela ustea baino.

No comments:

Post a Comment