Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Sunday, March 15, 2015

Serotonina-lore bat, mesedez (pasartea)

Gaitza ez zen digestio txar batek 
                                   eragindako ezinegon nekagarria,
pilula batek, minutu batzuetan, arintzeko modukoa;
ez zen haginetako mina,
dentistaren anestesiak 
                           istantean ken ziezadakeena errotik;
mina psikologikoa zen
--nola, baina, ezin esan den minari izen bat eman...?--,
ez fisikoa,
nire gogo aldartean eragin zuzena zuena,
nire buruarekin ere 
             arrotz sentitzerainoko jardun etengabean:

min hura,
min guztiak baina minagoa zena, ausaz
         --lehen hilabeteetan bereziki,
                     besteak ere ez txantxetakoak--,
ez berez minagoa zelako,
hura minutu batzuetan mozterik ez zegoelako baizik,
are gutxiago istant batean;
min hura, aldiz, parasito etxekalte guztiak bezala,
nire baitan luzaroan egoteko asmotan zetorkidan,
ez mendeko gisa, gainera,
nagusi gisa baizik,
halako eran, non,
       nigana heldu ahala gorputzaz jabetu
              eta etxeko gelarik onena egin baitzuen bere,
nire erraiak tronutzat hartuta,
bere lanari
--torturari lana deitzea baino gauza makurragorik...!-- 
                                                    ekiten zion bitartean,
segundo hamarrenik galdu ere gabe:

halaxe jan zidan, lehenik eta behin, bihotza,
eta halaxe bihurtu zizkidan 
        zentzumenei lotutako plazer guztiak
                                                         desplazer,
segundoak ordu astun jasangaitz,
eta bizia, berriz, 
                     ia igo ezinezko Mortirolo aldapatsu...


Joan Mari Irigoien
Bi urtetako kronika fakultatiboa (Elkar, 2015)
Argazkia: Alberto Contador Mortirolon (Youtube)

No comments:

Post a Comment