Imago lacus

The picture above was taken by a dear friend, the American poet Debra Kang Dean (please do not use it without permission). I met Debra three years before, when I went to Walden to work with his late husband Brad, a great Thoreau scholar. Once we spent hours tracking this quotation: "Some men go fishing all their lives without ever realizing it's not fish they are after." We concluded that Thoreau never wrote it, but si non è vero...

Thursday, August 31, 2017

Etengabeko elkarrizketa bat

Irakurtzeak dena eman dit. Irakurri dudan guztiaren epilogoa naiz, letraz letra. Idazten dudanean, irakurtzeko denbora gutxi duen pertsona bat irudikatzen dut. Pazientzia gutxikoa, irakurtzeaz aparte hamaika gauza egin nahi, egin behar dituelako. Ohean, garraio publikoetan edo sare sozialetan irakurtzen duena, bateria gutxi duen e-book batean.

Irakurtzeaz aparte, noizean behin poemak idazten dituen morroia ere banaiz, hizkuntzarekin apur bat jolastea gustuko duena. Koaderno batean egiten dut lehenengo zirriborroa, eta gero etxean garbira pasatzen dut, asteburu eta oporretan, museoari bisita egitearen ordez, korrika egitearen ordez. Baina saiatu naiz inor ez aspertzen, idazlearenaz gain irakurlearen bizitza ere islatzen duen zerbait transmititzen. Biona den zerbait eraikitzeko saiakera da liburu bakoitza.

Lanarekin loturiko gauzak erdaraz idazten ditut gehien bat. Euskara, berriz, ez da niretzat obligazioa, debozioa baizik. Plazerarekin, familiako kontuekin, kultura garaikidearekin eta aisialdiarekin lotzen dut. Ertzetik bada ere, komunitate baten parte sentiarazten nau idazteak. Euskarazko nire poemak Angel Errori bidali nizkionean, berak idatzi zuen nire lehenengo libururako hitzaurrea, eta horrela bataiatu ninduen euskal literaturan. Idazlearen eta irakurlearen arteko hurbiltasun horrek erakartzen nau. Asko gustatzen zaizkit euskal literaturaren inguruan sortu diren elkarguneak: Eako Poesia Egunak, Literaturia, Hitzen Uberan, hainbat irratsaio,... Booktegi bera seinale ona da,  epe laburrean katalogo polita osatu baitu argitaletxe berri honek. Orain erronka du irautea, nire ustez euskal kultura hobeto definitzen duen aditza “iraun” baita.

2016ko poemak bildu ditut Booktegiko ale honetan. Donostian gertatutako pasadizo batzuk azaltzen dira bertan. 2016, soneto sukarrak jota eman nuen urtea: agian Shakespeareren urtea ere izan zelako, hasi nintzen sonetoak idazten eta ezin izan nintzen gelditu. Buruhaustea bada ere, muga baliabide bihur daitekeela ikasi nuen. Formak laguntzen duela idazten, makulua bailitzan. Hala ere, metrikaren eta errimaren mugak hautsi nituen noizean behin. Entresaka egin eta gero, liburu honetarako 26 soneto aukeratu ditut, bakoitza alfabetoko letra batekin lotuta. Kontraste gisa, alfabetoarekin zerikusia duen beste poema bat, oso berezia, gehitu nuen. Jean-Dominique Bauby-ren istorioa kontatzen du poema horrek, forma eta edukia bat eginda.


Hasiera askotan da zuzenean airean harrapatzen dudan zerbait, entzun dudan hitz edo esaldi bat, edo bizitutako esperientzia bat, onerako edo txarrerako emozioak astindu dituena. Kasu gutxi batzuetan, liburu edo filma baten emaitza izan da. Hala gertatu da Letraz letra liburuan: poema gehienak dira Italiarako bidai batean gertatutako esperientziak, bere museo eta hiriekin, bere filma eta liburuekin.

Bukatzeko: ahotsezko komunikazioan uneoro egiten ditudan ezinbesteko akatsak konpontzeko idazten dut. Oroimena aktibatzeko, hainbat gauza behar bezala gordetzeko. Beraz, esperientzia gordetzeko eta, aldi berean, esperientzia aldatzeko idazten dut. Oroimena egiteko eta oroimena zuzentzeko. Hemen kontraesan txiki bat dagoela jabetzen naiz. Literaturan kontserbadorea eta iraultzailea izan daiteke aldi berean?


No comments:

Post a Comment